Topaldia
elkartrukerako eta hausnarketarako jardunaldia

· Hitzaldiak ·
- Carme Junyent ()
- Mario Zapata (Harrera eredu integral baterako gako nagusiak, gutxiagotutako hizkuntzen testuinguruan)
- Aizpea Otaegi eta Jasone Giraldo (Errenteriako eta Arrasateko esperientziak)
- Enara Eizagirre eta Edurne Urrestarazu (Migrazio erdalduna herri euskaldunetan: euskararen inguruko bizipenak eta iritziak ikerketaren ondorioak)
- Tarana Karim (Euskararekin egindako ibilbidearen esperientziak )
- Ariane Usarbarrena (Etorkizuneko erronkak)
Aurtengo Topaldia Euskaltzaleen Topagunearen kezka eta lan-ildo garrantzitsuetako bat den aniztasunari eskaini zaio, egin dugun bidea garrantzitsua izan den arren egiten dugunarekin ezin garela konformatu frogatzeko.
Ideia eta proposamen ugari jaso dira parte hartu duten hizlarien ekarpenetan:
- Carme Junyenti entzun diogu hizkuntza gutxituontzat, eleaniztasuna, biziraupenerako berme dela eta gure hizkuntzak “llengües de convivència” izan behar dutela.
- Mario Zapatak, biziberritze prozesuari begira, etorri berrien harrera egoki baten garrantzia nabarmendu eta harrera-motak bereiztu ditu, izan beharko lituzketen ezaugarriak aletuz, besteak beste, integraltasuna, erantzukizun partekatua, elkarlana, osagarritasuna, proaktibotasuna eta elkarrekiko aitortza.
- Aizpea Otaegi eta Jasone Giraldok, Errenteriako eta Arrasateko esperientzien berri eman digute, eta jorra daitezkeen bideen ereduak eskaini dizkigute, beren argi eta ilunekin.
- Enara Eizagirre eta Edurne Urrestarazuk erdaldun-mota asko daudela nabarmendu dute, eta etorri berrien euskararekiko harremanak arrunt desberdinak eta aldakorrak direla. Eta oso argi adierazi dute, euskararekiko errespetua eta enpatia agertu arren, arnasguneetan ere, euskararik gabe bizi daitezkeela.
- Tarana Karimek migranteen lehentasunak azaldu ditu lehenik, eta lehen harrera beti erdaraz izan ohi dela azpimarratu du. Bestalde, hizkuntza-aniztasunaren kudeaketa praktikoak sorrarazten dituen kezkak eta arazoak ekarri ditu gurera. Eta garbi ikusi dugu asko dugula eztabaidatzeko eta adosteko egin behar dugun bide horretan.
- Eta Ariane Usabarrenak Topagunearen aniztasun arloko jardueraren, erronken eta ametsen berri eman digu.
Jardunaldia Ariane Usabarrena Topaguneko aniztasun arduradunak eta Kike Amonarriz federazioko lehendakariak itxi dute dei bat eginez: “Heldu diezaiogun sistematikoki aniztasunaren alorrari“. Topaldian argi frogatu den modura “elkarrengandik urrunegi gaude, oraindik“ eta horregatik behar beharrezkoa da aniztasuna lantzen jarraitzea eta lanketa hau areagotzea.
Bide hau elkarrekin egin beharrean gaude denok; denok garelako “Gu”. Eta “Gu” hori osatzen dugunok anitzak gara, jatorriari dagokionez, hizkuntz-ezagutza eta erabileretan, pentsaeretan eta baita euskararen biziberritze-prozesuaren inguruko jarreretan. Anitzak gara orain, eta ez dezagun ahaztu, anitzak izan gara gure historia guztian, eta euskaldunak etorkinak ere izan gara.