Topaldia 2021: “Hizkuntza aniztasuna, zubi bat euskaratik”

Bilbo (Bizkaia aretoa), 2021eko urtarrilaren 28a

Aurtengo Topaldia Euskaltzaleen Topagunearen kezka eta lan-ildo garrantzitsuetako bat den aniztasunari eskaini zaio, egin dugun bidea garrantzitsua izan den arren egiten dugunarekin ezin garela konformatu frogatzeko.

Ideia eta proposamen ugari jaso dira parte hartu duten hizlarien ekarpenetan:

  • Carme Junyenti entzun diogu hizkuntza gutxituontzat, eleaniztasuna, biziraupenerako berme dela eta gure hizkuntzak “llengües de convivència” izan behar dutela.
  • Mario Zapatak, biziberritze prozesuari begira, etorri berrien harrera egoki baten garrantzia nabarmendu eta harrera-motak bereiztu ditu, izan beharko lituzketen ezaugarriak aletuz, besteak beste, integraltasuna, erantzukizun partekatua, elkarlana, osagarritasuna, proaktibotasuna eta elkarrekiko aitortza.
  • Aizpea Otaegi eta Jasone Giraldok, Errenteriako eta Arrasateko esperientzien berri eman digute, eta jorra daitezkeen bideen ereduak eskaini dizkigute, beren argi eta ilunekin.
  • Enara Eizagirre eta Edurne Urrestarazuk erdaldun-mota asko daudela nabarmendu dute, eta etorri berrien euskararekiko  harremanak arrunt desberdinak eta aldakorrak direla. Eta oso argi adierazi dute, euskararekiko errespetua eta enpatia agertu arren, arnasguneetan ere,  euskararik gabe bizi daitezkeela.
  • Tarana Karimek migranteen lehentasunak azaldu ditu lehenik, eta lehen harrera beti erdaraz izan ohi dela azpimarratu du. Bestalde, hizkuntza-aniztasunaren kudeaketa praktikoak sorrarazten dituen kezkak eta arazoak ekarri ditu gurera. Eta garbi ikusi dugu asko dugula eztabaidatzeko eta adosteko egin behar dugun bide horretan.
  • Eta Ariane Usabarrenak Topagunearen aniztasun arloko jardueraren, erronken eta ametsen berri eman digu.

Jardunaldia Ariane Usabarrena Topaguneko aniztasun arduradunak eta Kike Amonarriz federazioko lehendakariak itxi dute dei bat eginez: Heldu diezaiogun sistematikoki aniztasunaren alorrari. Topaldian argi frogatu den modura elkarrengandik urrunegi gaude, oraindik eta horregatik behar beharrezkoa da aniztasuna lantzen jarraitzea eta lanketa hau areagotzea.

· EGITARAUA ·

  • Hasiera ekitaldia eta sar hitza (Jasone Mendizabal, Miren Dobaran eta Xabier Arauzo)
  • Hizkuntza gutxituen inguruko sarrera eta katalanaren etorkizuna. Introducció a les llengües minoritzades i el futur del català. (Carme Junyent (Bartzelonako Unibertsitateko irakasle titularra eta Grup d’Estudi de Llengües Amenaçades-eko lehendakaria)
  • Harrera eredu integral baterako gako nagusiak, gutxiagotutako hizkuntzen testuinguruan (Mario Zapata Solano (Soziologoa, soziolinguistika eta migrazio gaietan aditua)
  • Errenteriako Udaleko eta Arrasateko Ekin Emakumeak Euskara Elkartearen esperientziak.  Aizpea Otaegi (Errenteriako alkatea). Jasone Giraldo (Ekin Emakumeak euskara elkarteko eragilea).
  • Migrazio erdalduna herri euskaldunetan: euskararen inguruko bizipenak eta iritziak ikerketaren ondorioak (Enara Eizagirre eta Edurne Urrestarazu antropologoak).
  • Euskararekin egindako ibilbidearen esperientziak (Tarana Karim; emakume migratzaile, Ana Yurd taldeko kidea eta giza eskubideen bereziki emakumeen eskubideko defendatzailea, euskal herritarra).
  • Etorkizuneko erronkak (Ariane Usarbarrena; Hizkuntza aniztasun teknikaria Euskaltzaleen Topagunean).
  • Itxiera (Kike Amonarriz;  Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria. Soziolinguista).