Sortu, jaso, zabal zazu. Kulturgintzaz (Gotzon Barandiaran eta Igor Elortza)

· SINOPSIA ·

Gure ustez, ardura osoa eta bakarra sorgaietan jartzen badugu, nekez garatu genezake sorkuntza indartsurik. Arreta guztia objektuetan jartzen badugu (kantak, nobelak, bertsoak, filmeak…) subjektuei dagokien zentralitatea aitortu, oroitarazi eta zaindu barik (artistak, zaleak, antolatzaileak, industria, komunikabideak, instituzioak…), ezinezkoa da kulturari osasuntsu eustea. Kultur-gaia edozein izanik ere, funtzio sozialik betetzen ez badu, gure ustez, ez dago kulturaz berba egiterik.

Nondik begiratzen zaion, ederragoa era bada erronka: sortzaileagoak izatera derrigortuta gaude guztiok; sorkuntza gaur egun mendebaldean ulertzen den moduaz bestela ulertzera, eta lantzera: parte-hartzaileago, horizontalago, taldekoago, militanteago…
Jendartea osatzen dugu pertsona guztiak ez gara kultura kontsumitzaile aktiboak, bai ostera, pasiboak. Euskaldunok kultura espainol, frantsez eta angloxajoiari buruzko edukiak gura barik jasotzen ditugu egunero. Etenbako xurgatze inkonzientea da.

Erreferentziaz elikatzen gaituen einean imaginarioa eraikitzen digu: janzkera, jakera, berbakera, ikuskera, azken batean, izakera. Aldiz, iruditzen zaigu euskal kulturari buruzko informazioa bilatu egin behar dugula euskaldunok, bila joan behar dugula. Esan berri dugu, euskalduna den oro, munduko herri guztietan gertatzen den legez, ez da kultura kontsumitzailea. Kultura kontsumitzailea ez den euskaldunak ez du informaziorik bilatzen eta bilatzen ez badu nekez jasoko du arestian aipatu kultura espainol, frantsez zein angloxajoiari buruz jasotzen duen beste eduki. Horregatik esan gura dugu euskaldunok ez ditugula gure sortzaileak ezagutzen.

Harrokeria barik esango dugu egungo euskal sortzaileek proposatzen digutenaren kalitatea bizilagun ditugun kulturetakoenaren bestekoa dela, gutxienez, askoz hobea askotan. Haatik, ez dugu lortzen euskaldunok horretaz jabetzerik.
Hona hemen, beraz, gaurko bi galdera nagusiak:

  • Zer ikuspegirekin egin behar da euskarazko kulturgintza?
  • Zer egiteko dagokie euskara elkarteei euskarazko kulturgintzan?

· HIZLARIA ·

Gotzon Barandiaran eta Igor Elortza

Gotzon Barandiaran, idazlea, eta Igor Elortza, bertsolaria