Euskararekiko atxikimendua lantzen: mintzapraktika (Jasone Mendizabal)

· SINOPSIA ·

Euskara Elkarteek euskararen erabileran eragin nahi dute, euskaraz bizitzeko aukerak sortuz eta euskaraz aritzeko motibazioa landuz. Euskara Elkarteetatik euskaraz aritzeko aukerak eskaini dira nagusiki zerbitzuen bidez eta arlo honetan jorratutako bidea oso oparoa izan da eta baita oso anitza ere jorratutako arloei dagokienez: haur eta gazteen aisialdiko programak eta ekipamenduen kudeaketa, entitateak euskalduntzeko egitasmoak, mintzapraktikak, tokiko hedabideen eskaintza eta herrietako kulturgintza dinamizatzeko eta aberasteko ekimenak. Horiek izan dira nagusiki landutako arloak eta horiekin jarraitu eta sakondu beharraz ez daukat zalantzarik, milaka eta milaka izan baitira zerbitzu hauen bidez euskaraz aritu eta gozatzeko aukeraz baliatu diren euskaldunak azken mende laurdenean.

Denbora horretan, profesionalen eta borondatezko bazkideen izerdiak uztartuz mugimendu zabal eta anitza osatzeaz gain, sektore ekonomiko garrantzitsua ere gorpuztu dela jabetzeko horra lau datu:

  • Topagunean federatutako Euskara Elkarteak 87
  • Euskara Elkarteen bazkide kopurua 18.783, zenbatu ahal izan ditugunak dira hauek, gehiago ere badaude. o 1.400 bazkide eragile boluntario lanetan, bazkide aktiboak dira hauek.
  • 350 langiletik gora, hauetatik bi heren emakumezkoak.
  • Federazioaren, talde osoaren, aurrekontua 10.000.000 eurotik gorakoa.

Ez da makala Euskara Elkarteek lortutakoa, baina hala ere askoz gehiago egin beharra ikusten dugu eta baita askoz hobeto lan egin beharra ere. Bidegurutze batetan aurkitzen ei dira Euskara Elkarteak eta bat nator ikuspegi horrekin: euskaraz bizitzeko aukerak sortzeaz gain, euskaraz egiteko gogoak pizteko helburuaz gure lanean gehiago findu beharra ikusten dugulako. Ezagutzan emandako jauzia erabileran eman dadin nahi dugu eta horretarako Txepetxek horrenbeste azpimarratzen duen motibazioa lantzeko erronkari heldu nahi diogu Topagunean. Erronka honi heltzeko komunikazioan eta sormenean sakontzea ikusten dugu aukera aparta.

Sormenari buruz ez naiz arituko, ez baita jardunaldi hauetako gaia, baina aipatu nahi nuke euskal komunitateak kultur arloan sortzeko eta berritzeko duen gaitasuna gako garrantzitsua dela eta izango dela, gizartean euskaraz bizitzeko motibazioa areagotuko bada.

Komunikazioari dagokionez, alde batetik, gure mezu eta diskurtsoak berrikusi beharko ditugu. Beste aldetik, TELPen bidez, zein coachingaren bidez geure burua trebatzeko aukerak interesgarriak izan daitezke. Komunikatu nahi duguna egoki helarazteko asertibitatea, hizkuntza ohitura eta jarreratan aldaketak probokatzeko teknikak, emozioetan eragiteko moduak (Golemanen teoria)… horiek guztiak baliagarri izango zaizkigula uste dut.

Baina nire ekarpena ez da bide horretatik joango, horretan adituak direnak ekarri baititugu jardunaldietara. Nire aldetik Euskara Elkarteetan egin izan dugunetik eta ondo egiten ikasi dugun horretatik etorkizunera begira egitasmo zehatz batetan sakontzeko proposamena egitea da asmoa, mintzapraktika egitasmoetan hain zuzen ere.

· HIZLARIA ·

Jasone Mendizabal

Topaguneko zuzendaria