Kongresua: XXI. mendeko euskaldunon elkarteak

2011/02/26 (Bilbo, Alhondegia)

Bilboko Alhondegian eginiko  “XXI. mendeko euskaldunon elkarteak” izenburuko Kongresuan onartu zen “Euskaldunon elkarteen oinarriparrak” dokumentua, euskaltzaleen mugimenduaren hurrengo hamarkadetarako ildo nagusiak zehazten zituen txostena. Dokumentua urte beteko lanaren emaitza izan zen, hausnarketa gidatzeko antolatutako Batzorde Txikiak egindako gogoeta eta euskara elkarteetako ordezkariek eginiko ekarpenen emaitza.

Urtebete lehenago egindako “Gogoetan: XXI. mendeko euskara elkarteak” jardunaldien ondorioan euskaltzaleen mugimenduak gogoeta sakona behar zuela izan zen ondorio nagusia eta hurrengo urtean zehar hainbat euskara elkarteetako kideek eta soziolinguistika arloan ikuspegia landuta duten hainbat adituk osatutako Batzorde Txikiak zehaztu zuen Kongresuaren ponentzia nagusiaren oinarria. Babes zabala jaso zuen ponentziak Kongresuan.

· ANTOLAKETA ·

Kongresuko Batzorde Eragilea:

 

Ponentzia osatu zuen Batzorde Txikiko kideak:

· KRONIKA ·

Mugimendu baten autoafirmazioaren jaia

2011ko otsailaren 26a, Bilbo. Euskaldunon Elkarteen Mugimenduarentzat egun garrantzitsua izango zela somatzen genuen aurretik, ilusio pizgarri izan zitekeela, etorkizunerako indarrak biltzeko balio zezakeela, oinarripar berrituen bueltan biltzeko eguna izango zela. Gure aurreikuspenak gainditu egin ziren, “autoafirmazioaren” festa izan zen larunbatekoa.

Hausnarketa

Goiz goizean jarri genuen hitzordua, Bilboko Alhondegiko areto nagusian. Apurka-apurka hurbiltzen joan ginen Euskal Herriko txoko ezberdinetatik heldutako lagunak, 200 lagunetik gora, mugimendu moduan, hausnarketarako antolatu dugun gogoeta saio garrantzitsuenetako batera. Goiz betea aurreikusten zen, lanerako gogoz hurbildu ginen.

Urko Aristik eman zion hasiera goizeko saioari. Mailope euskara elkarteko kide da Urko eta aurkezpen lanak egin zituen larunbatean, ohi duen abileziaz. Kongresuko saioaren gidari izango zen mahaiko kideak aurkeztu zituen Urkok sarrera honetan: Iban Arantzabal, Koldo Tapia eta Jasone Mendizabal.

Azken bost urteetan Topaguneak lehendakari duen Karmen Irizarrek hartu zuen hitza ondoren. Kongresuaren baitan azken urtean egin den lanaren berri eman zuen Karmenek, prozesu parte hartzailea izan dela azpimarratuz eta bertan parte hartu duten lagun askoren ordu eta ilusioak nabarmenduz. Larunbatekoa egun garrantzitsua zela esan zuen, urte osoan izandako eztabaidaren jarraipena baitzen, tokian tokian eta talde txikiagoetan egindakoa mugimendu osoak batera jartzeko eguna.

Kongresua: Karmen Irizar_Hasierako hitzak from Topagunea on Vimeo.

“XXI. mendeko euskaldunon elkarteak. Oinarriparrak” txostena aurkezteari ekin zitzaion ondoren. Horretarako, luxuzko lau hizlari izan genituen Alhondegian, bakoitzak txostenaren atal eta ikuspegi ezberdin bat aurkeztuz.

Julen Arexolaleibak ekin zion aurkezpenari, Jon Sarasuaren hitz batzuk gogora ekarriz (Araba Euskaraz jai batetarako prestatutako hitzak hain zuzen ere): “erreza da hara, garelako gara, gara garelako eta nahi dugulako”. Euskaldunon Elkarteen Mugimenduaren sorrera eta izateko arrazoia hitz gutxitan laburtuta.

Txepetxen zenbait aipamen ekarri zituen gogora ondoren Julenek: “hizkuntzarik gabe gu ez gara baina hizkuntza ere ez da gu gabe” edo “gu hizkuntzarentzat garrantzitsuak gara hizkuntza guretzat garrantzitsua bada”. Horrela euskaldunon elkarteek hiru planotan eragitearen garrantzia azpimarratu zuen: hiztuna, hizkuntza komunitatea eta hizkuntza.

Hiru planoen osagarritasuna nabarmendu zuen Julenek (“ez zaigu plano baten aldeko hautua egitea komeni”) eta euskaldunon elkarteek mezuak doitzen jakin behar dutela esan zuen, bakoitzarekin arlo zehatz bat azpimarratuz, baina hiru planoen osagarritasunaren kontzientzia izanik.

Euskaldunon elkarteen beste funtzio garrantzitsu bat ere aldarrikatu zuen Julenek: herrian motibazio, erabilera eta ezagutzan lanean ari diren erakunde eta ekimenen arteko harremana eta lotura egitea.

Kongresua: Julen Arexolaleiba from Topagunea on Vimeo.

Elena Laka Topaguneko zuzendaritzakideak hartu zuen hitza ondoren. “Hamarkadatan metatutako ezaugarriak gure oinarri ditugu” esanez hasi zuen bere hitzaldia. Izan ere, oinarriparren artean horixe azpimarratzen da: euskaldunon elkarteen mugimenduak bere sorreratik izan dituen ezaugarriei eusteko apustua egin beharra dagoela, horietako batzuek sendotuz, orain arte baino modu sendoagoan landuz.

Euskaldunon elkarteek “egin eta eragin” lema eta eginkizun modura izan dute sorreratik bertatik eta biak orekatzearen aldeko aldarria egin zuen Elenak bere hitzaldian. Oreka erraza ez dela onartu zuen, egunerokotasunak (egiteak dakarren lan dinamikak) izateari eta eragiteari indar gutxiagoz heltzea ekarten baitu, baina hurrengo urteetan ahalegin hori egitea funtsezkoa dela iritzi zion.

Azkenik, txostenak proposatutako beste lan ildo bat ere ekarri zuen gogora Elenak: “erdaldunekin ere lan egin behar dugu” azpimarratu zuen, zerbitzu hartzaile pasibo baino gehiago behar ditugula gogoratuz.

Kongresua: Elena Laka from Topagunea on Vimeo.

Jakintzaren transmisioari heldu zion Rosa Ramosek bere hitzaldian. Mugimenduaren sorreran izan eta sortu zen jakintzak transmisio etenak izan ditu gure historia luzean eta ez da ahaztu behar mugimendu honen indargune nagusietako bat esperientzia eta jakintza metatua dela, Rosaren iritziz. Erronka berria da, beraz, ekintzaren eta ezagutzaren abiadura orekatzea.

Bi esalditan nabarmendu zuen Rosak ezagutzaren transmisioak duen garrantzia: “ezagutza energia da” eta “ezagutzaren transmisioa energia aurreztea da”. Bi planotan nabarmendu zuen ideia hau: hiztunen planoan (hiztun jakintsuagoak izateak, erabileran koherentzia handiagoa ekarriko du, batetik) eta euskaldunon elkarteen planoan (zertarako ari garen ulertzea funtsezkoa baita).

Kongresua: Rosa Ramos from Topagunea on Vimeo.

Imanol Larrañaga izan zen txostenaren aurkezpenean parte hartu zuen azken hizlaria. Lau ataletan banatutako hitzaldia, hiru puntutan laburbildu zuen Imanolek; honakoak:

    1. Mugimenduko bazkideen artean ilusioa zabaldu behar dugu: pentsamendua eta jakintza landuz eta zabalduz, eta euskaldun izateko ilusioa piztuko duten ekintzak antolatuz.
    2. Herrietan dago gure eguneroko lana, baina ezin dugu ahaztu Euskararen Herria osatzeko dihardugula lanean. Nazio mailako mugimendua ere izan behar dugu.
    3. Topagunea denok gara, eta Topagunea behar dugu, bai mugimendu moduan indartzeko, eta baita nazio mailan eragiteko ere.

Kongresua: Imanol Larrañaga from Topagunea on Vimeo.

Honenbestez, atsedenaldirako denbora heldu zen, aurreikusitako ordutegia beteta. Horrelakoetan, euskaldunon artean ditugun ohiturei jarraituz, mokadua eta solasa nagusitu ziren Alhondegian, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik hurbildutako lagunen arteko harremana. Labur suertatzen dira baina horrelako atsedenaldiak eta, konturatzerako, bueltan ginen bertaratutako lagunak aretoko jarlekuetara.

Elkarteetako iritziak entzuteko txanda heldu zen orduan. Doberak Gorka egindako ekarpen mamitsuari Elena Laka zuzendaritzakideak eman zion erantzuna. Ondoren Ttakun elkartearen iritzia ere ezagutu ahal izan zen eta atzetik etorri ziren Karrikaluze, Pil-Pilean eta Zenbat Gara elkarteetako ordezkarien hitzak ere. Karmen Irizarrek itxi zuen iritzien txanda eta bozketari ekin zitzaion.

Kongresua: Iritzien tartea from Topagunea on Vimeo.

Karmen Irizarrek eman zion bukaera goizeko saioari. Zorionak emanez eta aitzindariei aitorpena eginez hasi zuen bere saioa eta hurrengo hilabeteotarako mugimendu honek aurretik dituen lanak oroituz bukatu zuen.

Txostena gehiengo zabalez onartua izan zen azkenik, 73 aldeko boto, 3 kontrako eta 11 abstentziorekin.

Kongresua: Karmen Irizar_Azken berbak from Topagunea on Vimeo.

Jaia

Eguerditik aurrera bilguneak jai giroa izan zuen nagusi. Bilboko Kafe Antzokiak hartu gintuen bere altzoan, euskaldunon elkarteen mugimenduarentzako erreferentzia izan den gunea, zalantzarik gabe.

Bazkal ondorenak berriz, kultur sorkuntzarako eta kantu zein dantzarako tartea ekarri zuen. Udane Goikoetxeak gidatutako saioan Igone Amesti, Eneko Barberena, Jon Gurrutxaga, Manex Agirre, Patxi Zubizarreta, Gilkitxaro taldeko Ane Zabala eta Galder Perez, Asier Serrano, Kristina Mardaras, Rafa Rueda, Mikel Urbeltz eta Porrotx izan genituen lagun.

Eguna borobiltzeko modu ezin hobea, aurretik somatzen genuena baieztatu zigun eguna. Garena izaten jarraitzeko indarra eman zigun eguna izan zen otsailaren 26a. Egiteko dugunari heltzeko bultzada.

Kongresua_Bilboko Kafe Antzokia from Topagunea on Vimeo.

Kongresua_Alhondegiko Bilkura
Kongresua_Bazkaria