“Hizkuntza aniztasuna, zubi bat euskaratik”

19. edizioan, hizkuntza aniztasuna ardatz

2021ko urtarrilaren 28an burutuko da Topaldiaren edizio berria, Bilboko EHUren Bizkaia Aretoan. Aurten, hizkuntza aniztasunaren gaia dugu hizpide eta euskarak kohesiorako eta berdintasun sozialerako duen balioa landuko dugu.

Euskarak harrera linguistikoan zein toki behar luke? Nola kudeatu bertako hizkuntza minorizatua, erdara hegemonikoak eta hizkuntza aniztasuna? Zein ikuspegirekin? Aurtengo Topaldian galdera horiei erantzungo zaie, sona handiko adituak, ikerketa espezifikoak, herrietako esperientzia praktikoak eta protagonisten bizipenak jasoz. 

Izan ere, gurea bezalako testuinguru batean harrera eta hizkuntza aniztasunaren kudeaketa egoki bat estrategikoa da euskararen normalizaziorako, baita kohesio eta berdintasun sozialari begira ere. 

Herri askotan aniztasuna zeharkakoa dute euskara elkarte nahikok, baina honen beharraz eta gaur egun ditugun erronkez arituko gara. Bestalde, instituzioek eta herriko eragileek gai honen bueltan elkarlanean eragiteko aukeraz gogoetatzeko balioko digu jardunaldiak.

Horretarako, hizkuntza gutxituek eta euskarak harrera prozesuetan duten garrantzia aztertuz, herri ezberdinek eredugarri dituzten proiektu eta praktika onak partekatuz, eta migrazioak herri euskaldunetan izandako esperientzien bilduma ezagutuz gauzatuko dugu.

Pandemia garai honetan goizeko egitaraua prestatu dugu: aurrez-aurre eta streaming bidez etxean jarraitzeko aukera izango da aurten.

Noiz: urtarrilak 28

Ordutegia: 9:00-14:30.

Non: Bilbo, Bizkaia aretoa (Baroja entzunaretoa)

Prezioa: 

  • Matrikula orokorra 30€
  • Ikasle, langabetu eta euskara
    elkarteetako kideak 25€

Urtarrilaren 18ra arte edo aretoko edukiera betetzen den arte egongo da zabalik Topaldian izena emateko aukera.

Aurkezle-moderatzailea: 

Arkaitz Zarraga (Basauriko Udal Euskaltegiko Zuzendaria, UEUko Glotodidaktika Saileko Sailburua, Garabideko kidea eta Unesco Katedrako kidea)

 

 

 

Ikerketak, praktika onak eta bizipenak uztartuz 

Hasiera ekitaldiaren ondotik, Carme Junyentek hizkuntza gutxituen inguruko sarrera egingo du eta katalanaren etorkizunaz jardungo, katalanez. Mario Zapatak emango dizkigu gero gako nagusiak, gutxiagotutako hizkuntzen testuinguruan harrera eredu integral bat osotzeko.

Atsedenaldiaren ostean, Errenteriako Udaleko eta Arrasateko Ekin Emakumeak Euskara Elkartearen esperientziak ezagutuko ditugu, Aizpea Otaegiren eta Jasone Giraldoren ahotik, hurrenez hurren. Jarraian, Enara Eizagirre eta Edurne Urrestarazu antropologoek “Migrazio erdalduna herri euskaldunetan: euskararen inguruko bizipenak eta iritziak” ikerketaren ondorioak aurkeztuko dituzte. Ostean, Tarana Karimek euskararekin orain arte egin duen ibilbidea azalduko digu. Topaldiari amaiera eman aurretik, etorkizuneko erronkei heldu eta haiei begira jarriko gaitu Ariane Usarbarrenak.