Gartzen Garaio

1977an, Laudion jaioa, seme baten aita, egun Arrankudiagan bizi da. Diseinugintzan, itzulpegintzan eta komunikazioaren esparruan lan egindakoa. Herrigintzak Aiaraldea eskualdean sustatutako hainbat komunikazio proiektuetako partaide. Gaur egun, Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituko komunitate arduraduna da, baita Aiaraldea Kooperatiba Elkarteko idazkaria ere.

“Aiaraldea Ekintzen Faktoria: komunikaziotik komunitate proiektu integral batera”.

Solasaldiaren helburua Araba eta Bizkaian kokatzen den Aiaraldea eskualdean euskarazko komunikabideak sustatzeko lanetan aritu zen Aiaraldea Komunikazio Leihoa proiektuaren metamorfosia azaltzea da: Elkarteak 2016an itxi zuen “Aiaraldea 2020” gogoeta estrategikoaren ondorioak eta hauen gauzapena azaltzea, hain zuzen ere. 

Transformazio horren ondorioz, elkartea erabiltzaile eta langileek osatutako Kooperatiba bihurtu eta komunikazioaren esparrutik, komunitate proiektu integral bat euskaraz egituratzeko apustua egitera jauzi egin zuen. Euskara eskualdeko bizitzaren erdigunean kokatu eta euskalduna ahalduntzeko helburuz, norbanakoen zein kolektibitateen bizitzako esparru guztietan euskaraz egituratuko diren alternatibak sortu eta indartzera bideratu da proiektua. Ekonomiaren, hezkuntzaren, elikaduraren, kulturaren, identitate komunitarioaren, feminismoaren eta, nola ez, komunikazioaren esparruan euskaldunoi euskaraz eta balio eraldatzaileen arabera bizitzeko aukera eskainiko diguten proiektuak sustatzeko lanera.

Ordutik hona, Aiaraldea Ekintzen Faktoria, eskualdeko euskararen komunitatea ahaldundu eta boteretzeko ekosistema oso bat osatzeko langintzan ari da; herritarrok bizitzeko behar ditugun baliabide guztiak euskaraz eskaintzeko langintzan: elikadura, komunikazioa, kultura, hezkuntza, komunitatea, aisialdia, lana, etxebizitza… Gogoeta horren oinarrian dagoena da, euskarari, kultur eta identitatearen esparrutik harago, eraldaketa balio bat emateko premia; hizkuntzak bizitza eta jendarte eredu berri bat ekarri behar duela gure artera. Zentzu horretan, bazterrekoak diren borroka esparru periferikoak erdigunera ekarri nahi dira hauek indartuz, eta hizkuntza bihurtu horiek guztiak lotzeko eta kohesionatzeko haria. Aiaraldea Ekintzen Faktoria osatzen dugun pertsonen ustez hori izango da, bizi gaituen mendean, hizkuntzaren biziberritzerako pizgarri pertsonal eta kolektiboa.