“Euskaltzaleen mugimendua antolatzeko ereduak berpentsatuz”

18. edizioan, antolaketa ereduen inguruko gogoeta

2020ko otsailaren 6an izango da Topaldiaren edizio berria, Bilboko EHUren Bizkaia Aretoan. Oraingoan, antolakuntza ereduen inguruko gogoetak ardaztuko du jardunaldia, izenburuak berak adierazten duen bezala: “Nola antolatuko da etorkizuneko euskaltzaleen mugimendua?”.

Jardunaldiak helburu bikoitza dakar: alde batetik, euskaltzale autoeratuen tokian tokiko antolakuntza ereduak ezagutzeko abagunea eskainiko du; eta, beste alde batetik, etorkizunera begira baliozkoak izan daitezkeen ereduen inguruan elkarrekin pentsatzeko espazioa sortzea du asmo.

Horretarako, Euskal Herriko hainbat esperientziaren berri jasotzeko aukera egongo da, protagonisten ahotik, zuzenean. Tokian tokiko hizkuntza komunitateetan funtzionatzen ari diren esperientziak mahairatuta, antolaketa eredu bakoitzak gizarte aktibaziorako dituen gakoak aletzea da Topaldiaren asmoa.

 Noiz: otsailak 6.

Ordutegia: 9:00-17:30.

Non: Bilbo, Bizkaia aretoa (Baroja entzunaretoa)

Prezioa: 

  • Matrikula orokorra 45€ (bazkaria barne).
  • Ikasle, langabetu eta euskara
    elkarteetako kideak 35€ (bazkaria barne).

Urtarrilaren 31ra arte edo aretoko edukiera betetzen den arte egongo da zabalik Topaldian izen emateko aukera.

Aurkezle-moderatzailea: Garikoitz Goikoetxea (Berriako kazetaria eta Galtzaundiko kidea).

Esperientzia berritzaileak, erdigunean

Euskara elkarteetan 90. hamarkadan sortu eta zabaldu ziren antolakuntza ereduetatik abiatuko da Topaldia, ohiko antolaketa ereduek oraindik orain betetzen dituzten funtzioak nabarmenduz. Era berean, jendarteak dakartzan aldaketetara moldatzeko asmoa duten eredu berriak ere plazaratuko dira. Izan ere, esperientzia horiek osatuko dute jardunaldiaren muina.

Euskal Herriko zazpi txokotako esperientziak bilduko dira Topaldian. Atarrabiako Karrikaluze elkartearen bilakaera eta etorkizuneko asmoak zabalduko dute jardunaldia. Jarraian, Tolosaldean eta Eibarren administrazioa eta euskara elkarteak eta euskalgintza soziala elkarrekin bultzatzen ari diren gobernantza berrien ereduak mahai gaineratuko dira. Ondoren, Arabako lautadan, Derion zein Donostian garatutako ereduek hartuko dute lekukoa, tokian tokiko komunitatearen beharrei eta testuinguru espezifikoei erantzuteko garatu dituzten ereduak elkarbanatuko dituztelarik.

Eredu berritzaileek irekitako ildoari helduta, eta jardunaldia borobiltzeko, berrikuntza sozialaren gaia landuko da, euskalgintza bezalako mugimendu sozialek eraldaketa horretan duten egitekoaren inguruko gogoeta zabalduz. Horretarako berrikuntza sozialean punta puntako aditu Igor Calzada doktorearen hitzaldia entzuteko parada izango da. Horrekin batera, adibide zehatz baten berri ere emango da: Aiaraldeko Kooperatiba integrala. Azken esperientzia horren bidez, zeharkakotasunez eta eraldaketa sozialaren ikuspegitik, komunitatearen beharrak nola asetzen dituzten azalduko dute.

Azkenik, jardunaldia ixteko, esperientzien analisi sakona eta etorkizuneko aukerak aletuko dituzte Joxemi Zumalabe Fundazioko Andere Ormazabal eta Zesar Martinezek eta Mondragon Koorporazioko Iñigo Iñurrategik.