Hizkuntza estetika bezala (Fermin Etxegoien)

· SINOPSIA ·

Arratsaldeon zer moduz…. eskerrik asko Topaguneko lagunei Neurona eta Zeurona liburuan zegoen ideia nagusia aintzat hartzeagatik… hizkuntza batez ere estetika dela adierazten duen ideia.

Orain arte kontrakoa esan ohi da gutartean hizkuntzari buruz eta batez ere euskarari buruz. Forma bai, baina batez ere fondo… Zenbateraino bata eta zenbateraino bestea? Diskutsio filosofiko amaitezina da… Formaren alde egiten dudan arren, hizkuntzaren baitan egon daitekeen fondo esistentziala guztiz onargarria zait noski.

Norbaitek esaten baldin badu euskara berarentzat erlijio bakarra dela onartzeko prest nago inongo arazorik gabe eta sinpatiaz hartuko dut seguruenik, beste gauza bat da praktika hori eredugarri ikusten dudan ala ez… eta ez dut ikusten noski.
Bizitza hizkuntzaren alde ematen duen jendea niri ez zait eredugarria iruditzen, txalogarria eta miresgarria izan liteke jende hori eta kasu askotan bada… Baina berea nekez har lezake eredu gisa gizarte osoak, jende gehienarentzat bizitzan badirelako gauza asko… askoz inportanteagoak euskararen biziraupena baino.

Liburua duela hiru urte argitaratu zen baina ez dut uste tarte honetan behera egin duenik hizkuntzaren alde formalaren garrantzia nabarmendu nahi duen joera honek… kontrakoa baizik: hizkuntzaren alde esentziala nabarmentzen duen joera krisi gorrian antzematen dut neuk behintzat, irtenbiderik gabe bezala.

Forma edota plastika linguistikoa… hizkuntza estetika bezala… zertaz ari naiz zehatz-mehatz… euskara jazkera bat bezala kontsideratzen ote nabil adibidez?

Bai, zergatik ez. Euskara deitzen den hizkuntza jantzita ateratzen naiz kalera zergatik ez. Eta besteen aurrean euskara “arropa” erakutsi beharra daukadanean zera ikusten dut: gustatzen zaidala jantzita daramadan hizkuntza… ala ez zaidala gustatzen eta agian gehiago gustatzen zaidala espainola deitzen den jazkera, edota frantsesa… are ingelesa bera.

· DOKUMENTUA ·

· HIZLARIA ·

Fermin Etxegoien