Hezitzaileak asko egin dezake (Iñaki Eizmendi)

· SINOPSIA ·

Ttakun Kultur Elkartearen gaur egungo apustu nagusienetako bat Hezitzaileek asko egin dezakete metodologia garatzea da.
Gure beharretatik sortu zen egitasmoa izanik, benetan metodologia eraginkorra dela sinesten dugu, eta hori garatzen eta zabaltzen ahalegin handia egiten ari gara.

Baina zer da Hezitzaileek asko egin dezakete metodologia? Eskola orduz kanpoko jardueretan hezitzaileen bidez haurren eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko proposamen bat.

Ttakun Kultur Elkarteak 15 urte daramatza Lasarte-Orian euskararen normalizazioan lanean. Hasiera hasieratik haurren eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzeari garrantzi handia eman zitzaion. Horretarako, bi bide garatu dira: Ttakunek berak jarduerak antolatzea (udaleku irekiak, itxiak, ludoteka, Kuadrillategi egitasmoa, eta abar) eta herrian haurrentzat eta gazteentzat antolatzen ziren jarduerak euskalduntzea Kalea Maixu! hitzarmengintzako egitasmoaren bidez.

Urte horietan urrats asko eman dira, eta Ttakunek haurrentzat eta gazteentzat gaur egun egiten duen eskaintza zabala izateaz gain, herrian haurrekin eta gazteekin lan egiten duten hezitzaileen %90 euskalduna izatea lortu da (ez soilik hitzarmengintzako programaren bidez, noski, baina horrek ere bere eragina izango zuen).

Orain urte batzuk behar bat nabarmentzen sumatzen hasi ginen: euskarazko jarduerak antolatzen ditugu, baina ba al dakigu haurren eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzen? Zer egin euskaraz komunikatzeko zailtasunak dituztenekin? Eta euskaraz ongi egin arren gazteleraz egiteko ohitura dutenekin? Hau da, oso argi genuen, egin euskaraz esateak ez zuela eragin positiborik, baina zein estrategia eta tresna dira eraginkorrak?

Horri erantzuna bilatu nahian garatu da Hezitzaileek asko egin dezakete metodologia. Euskararen erabilera planifikatuta eta sistematikoki lantzeko prozesu oso bat aurkezten da: benetako errealitatetik abiatzen dena eta lortu daitezkeen helburuetara begira estrategiak eta tresnak proposatzen dituena.

Idatzi honetan ez dut prozesu osoa xehetasunekin azalduko. Prozesuaren azalpen nahiko zehatz bat Topaguneak argitaratu duen Abian! gidaliburuan aurkituko duzue eta proiektu osoaren dokumentuak www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1140447440 helbidean. Laster Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektua bera argitaratuko du eta proiektua bera eta lehenik landu ziren beste hainbat dokumentu bere web orrian jarriko ditu. Beraz, proiektuari buruzko informazioa nahi duenak bide ugari ditu hori lortzeko, eta , noski, Ttakun Kultur Elkartera ere eskatu dezakezue informazioa (komunikazioa@ttakun.com).

· HIZLARIA ·

Iñaki Eizmendi

TTakun Euskara Elkartea