Euskararen erabilera ez sexista (Bea Medrano)

· SINOPSIA ·

Neska-mutil eta emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna bultzatzeko asmoz sexismoaren gainean egiten diren ikerketen artean, hizkuntzaren erabilerari berebiziko garrantzia ematen zaio. Izan ere, hizkuntza gure eguneroko komunikaziorako dugun tresna da eta honen bidez mundua eta errealitatea ulertzen eta barneratzen joaten gara. Aldi berean, hizkuntzaren bidez osatzen joaten garen ikuskera islatzen dugu eta mundua eta errealitatea eraikitzen laguntzen digu, pentsamenduak eta hizkuntzak lotura estua dute, elkarri eraginez. Beraz prozesua bi aldetakoa da, hizkuntzaren bidez errealitatea ezagutu eta eraldatzen joaten gara gure jardueran.

Eguneko ekintzak, eta astialdian garatzen dugun jarduerak nola ez, komunikazioan oinarritzen dira. Honen bidez sexismoa nola zabaltzen eta indartzen den erreparatu behar dugu, neska eta mutilei tratu eta aukera berdinak emango badizkiegu. Ez da erraza berriz, komunikazioaren definizio zehatza eta bakarra ematea, hots, autore guztien iritziak bateratuko dituena. Esan dezakegu ordea, komunikazioa pertsonekiko funtsezko zerbait dela. Pertsonak uneoro harremanetan gauden izakiak gara, komunikazioan bizi eta are gehiago, komunikazioan sortzen gara. Komunikazioa ezinbestekoa zaigu pertsona bezala haziko bagara.

Komunikaziorik gabe jendarterik ez litzateke egongo, behar beharrezkoa zaigu jaiotzen garenetik. Honen barnean, hizkuntza mundua eta errealitatea ezagutzeko dugun tresna da eta aukera berdintasuna bultzatu nahi badugu, hizkuntzaren gainean eragitea funtsezkoa da, horrela berdintasunezko hizkera erabiliz berdin tratatu eta irudikatuko ditugu pertsona guztiak.
Euskararen erabilera ez sexistaren inguruan askotan hitz egin da, iritzi anitzak eta kontrajarriak agertu dira. Euskaraz genero gramatikalik ez dagoenez, hizkuntza gehienek duten zama sexista ez dela ematen askoren iritzia da. Álvaro García Meseguerren1 arabera euskararen zama sexista %5, frantsesarena %40eta gaztelaniarena %80.

Beste eztabaida sakona hizkuntza edo erabileraren gainean sor daiteke. Amaia Alvarez Uriak 2 idatzitako artikulu argigarri batean horrela laburbiltzen ditu hiru iritzi nagusiak:

  1. Harreman dialektikoa dago arauen (sistema, gramatika) eta erabileraren artean.
    “Kultura sexistatik mintzaira sexista dator eta mintzaira sexistak kulturaren sexismoa iraunarazten du” (Agurtzane Juanena).
  2. Kultura da sexista, hori aldatuz gero hizkuntza-sistema ere aldatuko da.
    “Euskara Kultura sexista batean murgildutako hizkuntza ez sexista da” (Linda White)
  3. Erabilera da sexista.

· HIZLARIA ·

Bea Medrano

Bizkaiko Urtxintxa Eskola