Euskara elkarteak ibilian (Gorka Barruetabeña )

· SINOPSIA ·

1989an sortu zen Berbaro Elkartea. Sasoi hartan Durangok 20.000 biztanle inguru zituen eta horietatik herena baino zertxobait gehiago zen euskalduna. Gazteen artean, gainera, egoera ez zen hobeagoa. Izan ere, adin-tarte batzuetan euskara zekitenen proportzioa batez bestekoaren azpitik zegoen. Hortaz, Durangoko euskaltzale batzuk batu eta zerbait egin beharra zegoela ikusi zuten.

Erreferentzia argiekin zetorren Berbaroren sorrera, AED zen guretzako eredua. Eta euskalgintzako jendearekin harremanetan jarrita, Adorez eta Atseginez mintegia ezagutu genuen. Horrek gure nahiak eta intuizioak pixka bat kokatzeko balio izan zuen.
Lehenengo urte haietan ilusioa eta motibazioa ziren nagusi.

Beste elkarte batzuetako erreferentziak zuzendaritza-batzordea, azpitaldeak komunikabideak, sentsibilizazioa, haurren dinamizatzailea, egoitza, udalarekin harremana eta abar jarri genituen martxan.

Elkartea sortu eta urte gutxitara Berbarok 300 bazkide zituen eta 60 bat lagun azpitaldeetan eta ekintzen antolaketan.
Berbaroko jende gehiena ez zen, eta ez da, euskara- normalkuntzako profesionala. Berbarora hurbildutako gehienek euskararen normalkuntzarekin loturarik ez zuten ogibideak eta ikasketak zituzten. Gutxi batzuk ginen, dedikazioa ematen geniolako, Txepetxen teoria eta antzekoak aztertu genituenak. Gehienek intuizioarekin, motibazioarekin eta euskaraz bizitzeko gogoarekin parte hartzen zuten ekitaldien antolaketan. Hau da, elkarteak militanteen parte hartzearekin funtzionatzen zuen, eta liberatuaren funtzio nagusia militante horiei bidea erraztea zen. Azpitaldeetan ekitaldiak proposatu eta martxan jartzen ziren, eta horrela hilean pare bat ekitaldi antolatzen ziren.

Berbarok sorreratik argi izan zuen talde irekia izan behar zuela, sentsibilitate ezberdineko euskaltzale orok zuela lekua elkartean. Irizpide horren arabera jarduteak alde batekoen jarraituta, (kultura, arloa…), eta bestekoen kritikak ekarri ditu behin baino gehiagotan, baina euskaltzale ezberdinek osatutako azpitaldeen existentziak berak lortzen zuen antolatzen ziren ekitaldiak denetarikoak izatea, euskaltzale haien artean ere denetarik zegoelako.

Eta horrela, jendearen parte hartzearekin hasi zen Berbaro. Ordukoak dira, besteak beste: bertso afariak, Haur Literatur Aretoa, hitzaldiak, umeekin irteerak, formatu txikiko kontzertuak, jaialdiren bat, osasun zerbitzuetan euskara gehiago erabiltzeko kanpaina, Eta hau zergatik ez euskaraz leloa zeukan itsasgarria gaztelera hutsean zeuden karteletan jartzea, kantu liburuak, Udalean euskara zerbitzua osatzeko eskakizuna eta abar.

Berbaro ekitaldi sortzailea izateaz gainera, beste eragile batzuen laguntzaile, parte-hartzaile eta bultzatzaile ere izan da: Egunkariaren sorreran Durangoko erreferentzia izan zen berbaro akzio bilketan, diru batzen-eta, Euskararen jaietara parte hartzera eta laguntzera joateko autobusak antolatzen zituen, Egunkaria itxi zutenean ere Berbaro ibili zen buru- belarri salaketa lanetan eta baita Berria sortzeko lanetan ere, berdin Korriketan parte hartuz, Topagunearen sorrerako taldean ibili zen…

Hainbat eta hainbat ekimen bultzatu ditu Berbarok. Batzuk, gehienak egia esan, arrakastatsuak izan dira, beste batzuk, aldiz, bertan behera geratu dira. Halere, azpimarratu nahiko nuke Berbaroren lorpenak eta porrotak Berbaron egunero- egunero lanean aritu diren hainbat lagunen erantzukizuna izan direla. Lagun horien gogoari, ahaleginari, indarrari, amorruari eta izerdiari esker gara garena gaur egun. Pertsona horien jardunak eta lan eskergak Berbaro itxuratu eta izaera propioa eman diote.

· DOKUMENTUA ·

· HIZLARIA ·

Gorka Barruetabeña

Berbaro elkartea